Nola diren gauzak

Gexan Errotabehere. ORREAGA NEP-ko kidea.

Lehengoan, Paueko unibertsitaterat joan behar izan nuen CAPESeko azterketa baten pasatzera.

Azterketa aintzin, unibertsitateko kafetegirat zuzendu nintzen. Bapatean, ene mugikorra tirrinka hasi zitzaidan eta deia hartu nuen. Ene ama zen deitzen ninduena. Bion arteko elkarrizketa euskaraz izanki, ene ondoan zen beste ikasle bat honela zuzendu zitzaidan, frantsesez:

“Barkatu baina euskaraz mintzatzen entzun zaitut. Nik hitz batzu dakizkit ere. Nire aitak ere, euskaraz mintzatzen zakien. Ez zara frantseza beraz?!” Nik horrela erantzun nion: “Ez, frantseza ez, nabartarra baizik.”

” De pampelune?” Berak.

“Ez, baionarra.” Erantzun nion.

Harridura haundia marratzen zen bapatean bere aurpegian. Ikasle horrek ezin zezakeen ulertu nola ni Baionarra izanki, nabartarra izan nintekeen… Begiak zabal-zabalik neri begira gelditu zitzaidan.

Momentu horretan, nirekin beti daraman nabar Estatuko maparen argazkia erakutsi nion eta erran nion nola euskalduna naizen, automatikoki nire herriaren mapa hori zela, hain zuzen ere, nabar Estatuko mapa.

Berez harritua bazegoen, are harritutagoa mapan bertan Paue, Bordale, Tolosa, Foix edo Andorra bertan kokatuak daudela ikustean. Edo Huesca, Agreda edo Tarazona nabarreko lurretan kokatzen direla ikustean. Berak filosofiako azterketa bat egin behar zuen. Neri ere partikulazki atenzioa deitu zidan gauza bat erran zidan: “Royaume de Pampelune” eta “La France et la Navarre”-etaz mintzatzen aditu izan duela noizbait… Baita ere Charlemagne garaitua izan zela baskoi edo nabartarrengandik noizbait… Baina XXI. mendean horri buruz mintzatzea eta norberak bere burua kostaldeko nabartar gisa aitortzen duenik, guziz harrigarria zitzaion. Baina gauza ez da hor bukatzen: mapa behin eta berriz begiekin finkatuz; eta bere aitak (Pauen bizi zenak) euskara mintzatzen bazakiela lotuz, bere ondorio edo konklusio propioa iritsi zen: “Orduan, ni ere nabartarra naiz.(Alors dans ce cas là, moi aussi je suis navarrais).” erran zidan.

Orduan berak eskuara ez mintzatu arren, eskualduna eta beraz nabartarra dela deskubritu zuen goiz hartan. Orduan hasi nintzaion azaltzen iruzur haundi batean murgilduta gauden nabartarrak. Gure mapa erakusteaz gain gure hizkuntza “linguae navarrorum” dela hain justu ere argitu nion.

Anekdota honek gauza garbia frogatzen eta konfirmatzen du: herrikideak izanki, etsaiaren mendeetako lan konstantearen ondorioz, ezjakitasun politiko haundia dugula, nor eta zer garen ez dakigula, eta elkarrizketa hau izan ez bagenu, seguraski, pertsona edo ikasle hori, frantsesa dela pentsatuko nuke eta ondorioz etsai politikoa beraz…

Berak uste zuen, Euskal Herriko (sasi) mugetariko bat Zuberoa zela. Gero, Bearnotik aurrera, Frantzia zela. Usteak erdi ustel.

Burebako hiritar bat anai politikoa du pertsona honek eta baita nik-neuk ere, eta ez Pariseko pertsona bat adibidez.

Hizkuntzak, politika, mugak, lurraldetasuna, herri baten izaera, nortasuna, ongi definitu eta ulertzeko, Estatua, hau da, norberaren independentzia eta beraz, burujabetasuna berreskuratzea ezinbestekoa da. Mendeetan sartu diguten ziri politikoa desikasi eta ikuspegi argumentu propioa berreskuratu behar dugu eta oso urgentea da. Bestela, gureak egin du ozen esan beharra dugu.

Estatu propioa dugu: Nabarra. Bahitua dagoena frantses eta espainolengandik.

Hizkuntza bat dugu: euskara. Gure mapa, lurraldetasuna gure arbasoek finkatu zuten. Gero etorri ziren inbasioa, okupazioa eta gezurrak gu nabartarrak zatitu eta anikilatzeko.

Guk ez diogu inoiz uko egin berez garenari.

Mila esker, ama, besteak beste dei hori egin izanagatik, elkarrizketa interesgarria bezain garrantzitsua sortu baita horren harira.

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.